"Hankak garrantzitsuak dira, baina buruak ezetz esaten badu, akabo!" |
![]() |
![]() |
![]() |
Arin-arin - Arin-arin |
Astelehena, 2014(e)ko martxoa(r)en 31-(e)an 09:08etan |
Euskadiko Duatloi Txapelketa irabazi berri du Oiartzabal (Errenteria, 1973) Antxintxika Triatloi Taldeko eta Goierri Garaia atletismo taldeko kirolari lezoarrak, Sprint modalitatean (5 km korrika, 20 bizikletaz eta beste 2,5 korrika). 29 urterekin hasi zen kirola egiten, eta 2003an lehian. Makina bat txapel irabazi du, hainbat diziplinatan; izan ere, duatloietan ez ezik, kros eta herri lasterketetan ere parte hartzen du, baita triatloietan ere tarteka. Eroskin langile, zaletasuna eta lehia “ahal den moduan” uztartzen ditu. 29 urterekin hasi zinen kirolean. Nolatan?Ia kasualitatez. Igeriketa ikastaro batean hasi nintzen. Lehenago, ez nuen kirolik egiten. Ikastaroan izena eman eta hasi nintzen gimnasiora joaten, zintan korrika egiten... Bestalde, Behobia-Donostia lasterketak beti erakarri izan nau. Egunen batean egin behar nuela eta, korrika egiten hasi nintzen. Lankide batek esan zidan ea zergatik ez nuen Lilatoian parte hartzen; atera eta nire lehenengo podiuma hori izan zen. Eta hor sortu zitzaidan segitzeko grina. Lana, kirola... Nondik ateratzen duzu denbora denerako? Zerbait gustukoa denean, denbora ateratzen da, ahal den lekutik. Lau urteko haurra ere badut, baina beno, orain eskolan dabil eta denbora gehixeago dut. Baina eskolara ez zihoanean, korrika egitera joateko goizeko bostetan jaiki behar banuen, bada, jaikitzen nintzen. Ez nuen besterik! Senarrarekin txandaka, ahal zen moduan. Goizeko bostetan korrika ateratzea... Ez dakizu bidegorrian ze giro izaten den ordu horietan, kar-kar! Ez nintzen bakarra, beti gurutzatzen nintzen norbaitekin. Korrika egitera bakarrik ez, ibiltzera ere ateratzen da jendea. Udatik aurrera, Behobia-Donostia eta Donostiako Maratoia gertu direnean, izugarria da, sekulako giroa izaten da. Harrigarria. Aspaldian ez naiz joan, baina, behar izanez gero, joango nintzateke. Hankak baino, burua garrantzitsuagoa? Bai. Hankak garrantzitsuak dira, sasoian ez bazaude ez zarelako ondo ibiliko. Baina motorra ongi badago eta burua ez, akabo! Orekatua egon behar du. Buruak esaten badu ezetz, ez zara ibiliko. Oso garrantzitsua da burua. Entrenatzerakoan eta, batez ere, lehiatzerakoan. Eta denoi gertatzen zaigu. Diziplina, konstantzia eta burugogorkeriatik ere izango da zer edo zer. Hirurak dira garrantzitsuak. Aurreko batean lankide batek esan zidan saiatua naizela. Bada, bai! Izan behar da. Zenbat txapela dituzun ba al dakizu? Ez, ez dakit. Oraintxe bertan, egongelan 12 ditudala uste dut, baina gordeak baditut gehiago. Lotsa ematen dit, kar-kar! Modan al dago korrika egitea? Bai, eta gustatzen zait hori. Ez modan egotea, baizik eta jendea ikustea. Gero eta gehiago ikusten da, batez ere emakumeak. Zeren lehen, ni korrika egiten hasi nintzenean, kuriosoa baitzen, lau katu ginen. Orain, aldiz, egunetik egunera gehiago dira. Hori gustuko dut, ikustea jendeak denbora ateratzen duela, ez korrika egiteko, norberarentzat baizik. Lehiatzea gustatzen zait, eta lehiatzeko eta ongi ibiltzeko entrenatu beharra dago. Baina beste alde batetik begiratuta, nire momentua da, niretzat da. Beraz, gustatzen zait. Di-da batean |